GAINONTZEKO PROTAGONISTAK



Aintzane Maierren txikitako laguna da; unibertsitateko garaian etxe berean bizi ziren, eta Itxasoren jaiotza eta ondorengo gertaerak ondo baino hobeto gogoratzen ditu. Itxasoren ondoan bizitako hainbat pasadizo alai kontatuko ditu, eta egoerei aldarte onean aurre egiteko gaitasuna norberaren baitan dagoela agerian utziko du. Berak azpimarratzen duenez, Itxaso ezagutzeak amatasunari buruz zuen jarrera aldarazi zion.




Peru Maierren laguna da. Jara izeneko ardi-txakurrak Itxasorekin duen harreman bereziaren nondik norakoak kontatuko ditu; izan ere, Jarak beste haurrei baino askoz ere kasu gehiago egiten dio Itxasori. Harreman horri buruzko hausnarketa dotorea egingo du Peruk, eta  animalien hautemateko gaitasuna eta gizaki helduok duguna alderatuko ditu.



Maialen Maierren ahizpa da. Sei urte zituen Itxaso jaio zenean, eta ilusio handiz gogoratzen du egun horretan, etxeko txikiena izatetik, Itxasoren izeko izatera pasa zela. Etxeko txikienak hainbat urtetan zehar elkarren ondoan hazi ziren, eta horren eraginez, oso harreman berezia, estua eta sakona, sortu zen bi nesken artean. Egun, Itxaso ondoen ezagutzen duen senideetako bat da Maialen.

Anton Itxasoren aitona eta Maierren aita da. Oso gizon sentibera den arren, edo agian horregatik, egoerei aurre egiteko tresna gisa umorea erabiltzen du. Familiaren aldarte onaren arduradun zuzena da, beraz.


Luis lanbidez osteopata da, eta Maierren osaba ere bada. Itxaso ikusi ostean, Maierrekin argi eta garbi hitz egin zuen lehen pertsona izan zen. Lan-
-esparruan gabeziak dituzten haurrekin lan egiten du; hori dela eta, ezintasunei buruzko ikuspegi sakon bezain aberatsa dauka.





Martziala Itxasoren birramona da. Izaera sendoa eta maitakorra du; aurreko belaunaldien oinordeko, bizitzari aurre egiteko grina darama zainetan; halere, gaurko gizartean Itxasok aurrera egiteko dituen arazoek kezka handia eragiten diote. Bada, edozein tartez baliatuko da Itxasoren grinak asetzeko, gainontzeko senide eta sendagileei jaramon egin gabe.





Jone Itxasoren amona eta Maier, Ander eta Maialenen ama da. Senarrarekin, amaginarrebarekin eta alaba txikiarekin –Maialen– bizi da Elgoibarren. Adore handiz egin dio aurre bizitzari eta, zintzotasunez, familiak aurrera ateratzeko izan duen gaitasuna handia izan dela onartuko du. Jonek egindakoa adibide ezin hobea izango da, esfortzuaren garrantziaz ohar gaitezen.



Mireia bigarren hezkuntzako irakaslea da; horrez gain, Maierren izeba eta aholkularia da. Eskola inklusiboaren planaren baitan, haur bereziekin lan egitea egokitu zaio. Esperientzia  abiapuntutzat hartuta, gainontzeko haurrentzat haur berezien lagun izatea oso onuragarria eta aberasgarria dela uste du.


Leire Maierren lagun mina da. Itxasoren jaiotza eta gainontzeko gorabeherak hasieratik bizi izan zituen, eta garai hartaz oroitzapen gazi-gozoak ditu. Itxasorekin komunikatzeko erari buruz luze hausnartu du, eta bide erraza eta erosoa dela uste du.


Conchak Maier irakasle izan zuen. Hasiera-hasieratik ezagutu zuen Itxaso, eta bere jokatzeko erak erabat harritu zuen Maier: “Zorroztasunez jokatzen du Itxasorekin, inolako errukirik erakutsi gabe”. Conchak bere jokaera azalduko du: “Niri Itxasok ez dit inoiz penarik eman; haatik, gogor egin diot, bera oso argia baita. Norberaren ahuldadeaz probetxua ateratzen duela iruditzen zait”.

Idoia Maierren laguna eta auzokidea zen Itxaso jaio zenean. Lagun-talde handi bateko kidea da, eta Maierren jarrerari eta Itxasoren garapenari buruzko oso ikuspegi berezia dauka.  

Aitziberrek eta Maierrek lanean ezagutu zuten elkar. Itxasok 10 urte zituen orduan, eta Aitziber harrituta geratu zen bien egoera ezagutu zuenean. Gizarteak haur bereziei eta haur horien gurasoei buruz dituen aurreiritziei buruz hitz egingo du.  

Isra Maierren senarra eta Uxueren aita da. Maier ezagutzeak bizitza aldatu diola uste du, eta Itxaso ezagutzeak, aldiz, pertsona hobea izaten lagundu diola. 

No hay comentarios: