HAUR EZBERDINAK



Gizakiok orekatuak izateko gaitasuna dugu

Gizakiok egitura neurobiologikoa behar dugu pentsamendua egituratu eta garatu ahal izateko. Hau da, nerbio-sistema, eta sistema hori osatzen duten zelulak eta zelulek osatzen dituzten zirkuituak behar ditugu. Zirkuitu horien bitartez, informazioa prozesatzen dugu, eta ondorioz, gure jokabidea egituratzen da: erabakiak hartzen ditugu, mugitu egiten gara…

Hain zuzen ere, gure egitura biologikoa genetikoki osasuntsua bada, gizaki orekatuak izango gara, eta ondorioz, gizarteratzeko aukera handiak izango ditugu –lagunak egin, egoerak konpartitu…–. Betiere, gizarteratzea norberaren ezaugarri pertsonal eta partikularren arabera izango da.

Bada, haur ezberdinak egitura biologiko edo egitura psikosozial osasuntsua edo normala ez duten haurrak dira.  


Nolakoak dira haur ezberdinak?

Haur ezberdinek ez dute beraiengandik espero duguna egiten, edo, batzuetan, espero ez duguna egiten dute. Oinarri biologikoa kontutan hartuta, haur ezberdinen artean aurkituko genituzke zientziak izendatu dituen –eta izenik ez duten– hainbat eta hainbat gaitz (autismoa, down sindromea, asperger sindromea, rett sindromea, angelman sindromea...).

Kasu gehienetan haur horien egitura neurobiologikoa ez da behar bezala garatu (garun-lesioak dituzte, aldaketa genetikoak, zentzumenetan asaldurak…); horren ondorioz, gaitasun biologikoak garatzeko arazo gehiago dituzte. Horrek eragina du gaitasun psikikoak garatzeko orduan, eta ondorioz, gizarteratzeko arazo gehiago dituzte.





No hay comentarios: