NOLA SORTU ZEN IDEIA?

Itxaso eskolara doan 17 urteko neskatila da. Bertan, bere gaitasunak lantzeko ariketak egiten ditu. Baina Itxaso haur berezia da, premia bereziak ditu, eta horiek aseko dituen eskola behar du. Arrazoi horregatik, bost hilabete zituenean, bere amak jaioterria utzi zuen eta Bilbora joan zen bizitzera; egun horretatik aurrera, Itxaso bera bezalako haurrentzat egokitutako eskola batera joan zen. Horri esker, aurrerapen handiak egin ditu.






Urteak pasa ahala, gauzak asko aldatu ziren Itxasorentzat eta bere familiarentzat, eta egoera berriari irtenbide egokia eman nahian, Itxaso beste zentro batera aldatzea erabaki zuten. 13 urte zituen, eta ikastetxe berria erronka handia izango zen berarentzat eta bere amarentzat: lagun berriak egin, irakasle berriak ezagutu, eta baldintza eta betekizun berriei aurre egin beharko zien Itxasok; horrek guztiak kezka handia eragiten zion amari. Seme-alabak eskolaratzeko orduan guraso guztiok izan ditzakegun zalantza berberak edo antzekoak zituen Maierrek –haurra ongi egotea nahi zuen, zoriontsua izan zedin nahi zuen –, baina bere kezkak zeintzuk ziren aditzean, ezintasun neurologikoak dituzten haurrei buruz nuen jakinduria eskasak asaldatu ninduen: “muskulu-tonua galduko duen beldur naiz”, edo “aldaketak krisi sakonak eragiten dizkio”, “tratamentuan jarri behar dudala esan dit neurologoak eta ez dakit egokiena hori izango den ala ez”… Horiek ziren Maierren buruhausteak, beste askoren artean. Eta niri, bien bitartean, zalantzek eta galderek gainez egin zidaten buruan. Maierrek eta biok horiei buruz luze hitz egiteko denbora hartu genuen, eta ondorio argiak atera genituen:

Askotan, lagun hurkoari erreparatu gabe bizi gara; egunero gurutzatu arren, begirada beste alde batera zuzentzen dugu, begietara begiratzeko astirik hartu gabe. Hori bera, ezintasun neurologikoak dituzten haurrekin gertatzen da: ikusezinak dira gutako askorentzat.

Hausnarketa horren ondoren, haur berezien munduaren berri ematea erabaki genuen Maierrek eta biok. Lagunei eta senideei bidelagun izateko eskatu genien, eta Itsasoari begira horren emaitza da: Itxasoren lagunen eta senideen laguntzaz egindako lana.  

Lorea Perez de Albeniz

No hay comentarios: